Jaialdia
Passion for Knowledge (P4K)
Passion for Knowledge (P4K) zientziari buruzko nazioarteko jaialdia da; Donostia International Physics Center ikerketa-zentroak antolatzen du, herritar guztiei zuzenduta. Ikuspegi berritzaile batetik begiratuta eta jarduera-programa zabala eskainita, komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko topagune izan nahi du jaialdiak.
Jaialdiaren egoitza nagusia Donostiako Victoria Eugenia antzokia da, eta Euskal Herriko hainbat lekutara ere iristen da, hainbat jarduera Bilbon eta beste herri batzuetan izaten dira eta. Bosgarren edizioa 2023ko urriaren 2tik 7ra izango da.
Passion for Knowledge ekimenaren helburua, hain zuzen, zientzia sustatzea da, etorkizuneko belaunaldien ongizateari begira funtsezko kultur jarduera den aldetik, baita ezagutza nabarmentzea ere, zientziaren, teknologiaren eta kulturaren aurrerabiderako motorra denez.
Azken hamarkadetako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetakoen protagonista izaki, nazioartean izen handia duten zientzialariek parte hartzen dute jaialdian. Hitzaldi magistral horietan, gonbidatutako zientzialariek ezagutzaren mugak nola zabaldu dituzten eta gizarte osoaren aurrerabideari eta ongizateari nola lagundu dieten jakingo dugu.
Programa zabala izaki, jarduera nagusia gure zientzialari gonbidatuen hitzaldiak izango dira, eta, horien osagarri, hainbat jarduerak antolatu ditugu askotariko publikoari zuzenduta: topaketak bigarren hezkuntzako ikasleekin, Naukas saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, dibulgazioa youtuberrekin, proiekzioak eta abar.