

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) pentsatu, bultzatu eta antolatuta, Passion for Knowledge 2016 jaialdiak eskainiko duen jarduera-programa zabalean, zientzialariak, hainbat diziplinatako izen handiko adituak eta herritarrak bilduko dira, ezagutza zientifikoa partekatzeko eta zientziaren eta haren balioen zabalkundean guztion parte hartzea sustatzeko helburuarekin.
Passion for Knowledge 2016 nagusiki Donostian izango da, 2016ko irailaren 27tik urriaren 1era, Donostiak 2016an duen Europako Kultura Hiriburutzarekin bat eginez eta DSS2016EU programa ofizialaren barneko Elkarrizketak lerroan kokatuta. Jaialdiaren egoitza nagusia Victoria Eugenia antzokia izango da, zientziaren kultura-izaera nabarmentzeko hautatua. Baina antolatu dira beste ekimen batzuk Bilbon eta Bordelen ere; azken hori Euskampus Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren baitan.
Publiko orori zuzendutako programa izango da zientzia, ezagutza, kultura eta pasioa ardatz dituen jaialdi honen muina. Honako hauek biltzen ditu proposamenak: Hitzaldi Nagusiak mundu mailan izen handiko ikertzaileen eskutik (tartean, hainbat Nobel saridun); gai nagusia sormena izango duen Mahai-inguru bat; Bertsolarien sormen-prozesua zertan datzan azaltzeko formatu berritzailea erabiliko duen saioa; edo dagoeneko ezagunak diren Naukas saioak. Argazki-erakusketa ere izango da Aquariumean. Gainera, jaialdiaren inaugurazioan, Breaking Boundaries ikuskizuna aurkeztuko da; zientziaren eta artearen arteko muga gainditu nahi duen ikuskizuna eta dantza, eskulturak, soinua eta irudiak batera hartuko dituena.
Nolanahi ere, publiko orokorrarentzat pentsatutako jardueretatik harago iritsiko da Passion for Knowledge 2016. Aurreko edizioen arrastoari jarraituz, bigarren hezkuntzako ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko bi topaketa antolatu dira, Donostian eta Bilbon: top@DIPC - Zientziarekin solasean!. “Zientzialariengandik zuzenean jasotako zientziarekiko pasioak ikasle gazteak goitik behera bustitzea nahi dugu”, dio Pedro Miguel Etxenikek, Passion for Knowledge 2016ko presidenteak.
Gainera, larunbatean, goizez, Zientzia Kluba izango da Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Gazteentzako zientzia-jaialdi txiki honek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri bilduko ditu: zuzeneko esperimentuak, ipuin-kontalari zientifikoak, bakarrizketak, eta abar.
Bestalde, Passion for Knowledgeren edizio honek nazioarteko zientzialari gazteei zuzenduriko udako nazioarteko eskola bat ere izango du. Eskolak, doktoregoko ikasleak eta doktorego ondoko ikertzaileak bilduko ditu. Dynapeutics eskolak farmako molekularrak optimizatzeko garrantzi berezia duten biomolekulak aztertzeko konputazio-metodoak izango ditu ardatz. Besteak beste, jaialdiko hizlari nagusietako batek hartuko du parte eskolan: Martin Karplusek, 2013ko Kimikako Nobel saridunak.
Antolatzaileek esplizituki eman dizkiete eskerrak jaialdia diruz lagundu duten erakundeei: “Passion for Knowledge 2016 antolatu ahal izan dugu DIPCko patronoen etengabeko laguntzari esker (Eusko Jaurlaritza -Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila -, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, Donostiako Udala, Kutxa, Telefónica, EDP eta CAF); halaber, berariazko finantziazioa jaso dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik, bere BERC programaren bidez. Bestalde, jaialdia diruz lagundu dute orobat Zientzia eta Teknologiaren Espainiako FECYT Fundazioak – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta DSS2016 Europako Kultur Hiriburutzaren Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioak”.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek nabarmendu duenez, “Passion for Knowledge 2016 bezalako jaialdiei esker zientifikoki ongi informatutako gizartea bultzatzen da, eta beraz, gizarte jantziagoa eta libreagoa”. “Hain zuzen ere, helburu horrekin guztiz bat dator Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila”, adierazi du Cristina Uriartek.
DIPCko Zuzendari Ricardo Díez Muiñok gaineratu duenez, “jaialdi honek berriz ere utziko du agerian zientzia giza kulturaren parte dela. Passion for Knowledge ezagutzarekiko pasioa da, zientziarekiko pasioa da, eta ondorioz, kulturarekiko pasioa da”.
Aurkezpenarekin amaitzeko, Pedro Miguel Etxenikek Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren motibazioa laburbildu du: “Zientzia, estetikoki jarduera ederra, kulturalki garrantzitsua eta ekonomikoki erabakigarria da”.
Jaialdian antolatutako ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Edukiak gaztelaniara, ingelesera eta euskarara itzultzeko interpretazio-zerbitzua izango da entzuleen eskura, eta hitzaldi nagusiak zuzenean emango dira streaming bidez, jaialdiaren web-orrian. Passion for Knowledge 2016n parte hartzeko, jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org
Informazio gehiago behar baduzu, ikusi atxikitako prentsa-dossierra.
Prentsa-dossierrean hizlarien biografiak daude, bai eta jaialdiko jarduera guztien deskribapenak ere.