

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) irailaren 30etik urriaren 5era izango den Passion for Knowledge (P4K) 2019 jaialdiaren baitan antolatu du Creativium. Diziplinarteko proiektua da, eta sormen zientifikoa artearen eta literaturaren ikuspegitik aztertzen eta islatzen du. Mito eta sinesmenetatik harago, egiaztatu nahi du sormen zientifikoa garatu, sustatu eta ikertu egin daitekeen prozesu bat dela.
Creativium diziplinarteko proiektu bat da, eta sormen zientifikoa artearen eta literaturaren ikuspegitik aztertzen eta islatzen du. Proiektuaren helburua da mito eta sinesmenetatik harago, egiaztatzea sormena, bereziki sormen zientifikoa, garatu, sustatu eta ikertu egin daitekeen prozesu bat dela. “Sormen ideia orok aurretiko prestakuntza eta ontze prozesu bat izan behar du, argialdi edo “Eureka!” une gisa ezagutzen duguna izateko”, adierazi du Gustavo Ariel Schwartz proiektuaren koordinatzaileak.
Zientzialarien eguneroko jardunaren argazki artistikoek eta sormenari eta sormen-prozesuei buruzko testuek lagunduta, Creativium erakusketak arlo artistikoaren eta zientifikoaren arteko ikuspegi bikoitzeko hausnarketa bat proposatzen du. “Betiko leku komunetatik eta estereotipo sinplifikatzaileetatik urruntzen gaituen hausnarketa bat da, muga lausoen eskualdera eramaten gaituena non estetikoa abstraktuarekin mintzatzen den eta ludikoak sormena bultzatzen duen. Gorputz-adimena dikotomia desagertzen den eremua da; eta ziurgabetasunak, gu geldiarazi beharrean, ezezaguna den horretan murgiltzera gonbidatzen gaitu”, dio Gustavo Ariel Schwartzek.
Proiektuaren arduradunak zera nabarmendu du: “pentsamendu sortzailea ezinbestekoa da zientzian. Hala ere, gure gizartearen imajinario kolektiboan sormena arteari edo literaturari lotuago egoten da zientziari baino. Gure garaiko irudimenean oso sustraituta dagoen ideia da literaturak edo arteak intuizioz lan egiten dutela, eta zientzia, berriz, metodoen bidez lantzen dela. Sormena dohain bat dela oso zabalduta dago: sormena daukazu edo ez zara sortzailea. Bereziki, sormenari buruzko mito horiek guztiak zabalduago daude lan zientifikoetan eta artistikoetan. “Jenioaren” ideia desegokia da gure imajinarioaren barruan. Sinesten dugu sormena une epifaniko horretan bakarrik oinarritzen dela, alegia, Arkimedesen ¡Eureka! oihu horretan edo Newtonen sagarraren adibidearen kasuan. Baina, egia esan, une epifaniko guztien atzean lan luzea eta sakona egiten da beti". "Proiektuaren helburuetako bat da mito eta sinesmen faltsu horiek albo batera utzi eta publikoari sormen zientifikoaren atzean dagoen grina eta ahalegina erakustea”, azpimarratu du Gustavo Ariel Schwartzek.
Proiektu berri honek sormen zientifikoa diziplinarteko ikuspegi batetik aztertzea proposatzen du, sormen-prozesuak hobeto ulertzeko. Zientziaren, artearen eta literaturaren arteko hibridazio horrek ondorengo galdera hauen berri emango du: nola sortzen dira ideia handiak? Sormenari mesede egiten dioten ingurune (fisikoak edo psikologikoak) existitzen al dira? Ba al dago sormenaren teoria bat? Sorkuntza bakarka vs. elkarlana. Arazoarekin lotura emozionala. Zeintzuk dira sormenaren oinarri neurologikoak? Ba al dago adimenaren eta sormenaren arteko harremanik? Sormena irakatsi daiteke? Umorea eta sormena. Irudimenaren aukerak eta mugak.
Gustavo Ariel Schwartz ikertzaileak 2010etik DIPCn zuzentzen duen Mestizajes programako ekimen berri bat da Creativium. Gustavo Ariel Schwartz da erakusketaren komisarioa, Paula Arbide argazkilaria eta Kris Meraki diseinatzailea. Proiektua DIPCk antolatu eta finantzatu du, CSIC Fundazio Orokorraren laguntzarekin. Halaber, erakunde hauek parte hartu dute: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia (CSIC), Materialen Fisika Zentroa eta UPV/EHUko ehukultura. Argazki-erakusketaz harago, Creativium proiektua argazki-liburu bat (liburu-dendatan eskuragarri dago) eta webgune bat ere bada: creativium.mestizajes.es
Argazki-erakusketa eskatzeko eta edozein erakunde interesatuk bere instalazioetan jendaurrean erakusteko aukera ere ematen du Creativiumek.