

2023ko Passion for Knowledge jaialdian 10.000 pertsona inguruk parte hartu dute. Batez beste, eguneko 800 bisitari jaso ditu Victoria Eugenia antzokiak. Halaber, bigarren hezkuntzako 500 ikasle eta irakaslek aukera izan dute punta-puntako zientzialariekin hitz egiteko. Bilboko Euskalduna Jauregiko eta Beasaingo CAFeko hitzaldietan ere aurreikusitako lekuak bete dira. Gainera, hedabideetan ere hots handia izan du jaialdiak: 150 elkarrizketatik gora egin dira, eta haietako asko estatuan zabaldu dira.
Horrenbesteaz, aurten ere, DIPCk eskerrak eman nahi dizkie jaialdi hau aurrera ateratzeko prestaketetan hilabete askoan lanean aritu diren pertsona guztiei, eta nola ez herritar guztiei Victoria Eugenia egunez egun betetzeagatik, eta zientziarekiko eta ezagutzarekiko interesa erakusteagatik. Hori da, zalantzarik gabe, horrelako ekitaldiak antolatzen jarraitzeko bultzadarik onena. Passion for Knowledge-ren hurrengo edizioan ikusiko dugu elkar!