

top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketaren XIII. edizioa Bilbon (Bizkaia Aretoa – UPV/EHU) izan da gaur goizean. Giro lasai eta atsegin batean, 47 ikastetxetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko 190 ikaslek eta 50 irakaslek Donna Strickland eta George Smoot Nobel saridunekin solasteko aukera izan dute, bai eta beren zalantzak eta galderak zuzenean planteatzeko ere.
Topaketa hauen helburu nagusia, hain zuzen, gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzea eta zientziarekiko jakin-mina piztea da. Horretarako, hizlarien biografiak aldez aurretik lantzen dituzte ikasleek ikasgeletan. Ekitaldian, parte hartzen duten ikastetxe guztiek galderak egiteko aukera izan dute, zozketa dibertigarri baten bitartez.
Donna Strickland eta George Smoot Nobel saridunek zientziarekiko eta ikerketarekiko duten pasioari buruz hitz egin dute, eta bertan izan diren ikasleek egindako galderei erantzuteaz gain, beren ibilbide profesionalean metatutako bizipen eta esperientziak partekatu dituzte, moderatzaile aritu den Pedro Miguel Etxenikerekin batera.