Entry Title

Astronomia inklusiboa hartuko du STROM erakusketak

2023ko Passion for Knowledge (P4K) zientzia-jaialdiaren barruan astronomia-erakusketa berritzaile eta inklusibo bat prestatu da, ukimenean, entzumenean eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako esperientziak eskainiko dituena; esate baterako, aukera emango du galaxien gainazala eta Ilargiaren kraterrak hatzez ukitzeko eta Eguzkiak egiten dituen soinuak entzuteko. Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak Tabakalerarekin elkarlanean antolatu eta garatu du STROM - Astronomia inklusiboa erakusketa, eta urriaren 4tik 31ra bitartean bisitatu ahal izango da Tabakalerako 3. solairuan.

Unibertsoan bidaiatzeko aukera emango digu STROM - Astronomia inklusiboa erakusketak: hasteko, gure Eguzki- sistema esploratuko dugu, eta, amaitzeko, unibertso ezagunaren mugak zeharkatuko ditugu. Bidaia horretan, zulo beltzak, neutrinoak, materia iluna eta energia iluna izango dira protagonistak. Zentzumen askotako esperientzia interaktiboetan eta geruzaka planteatutako diskurtso batean oinarritzen da erakusketa, eta bisitariek aukera izango dute astronomiako oinarrizko kontzeptuak ezagutzeko eta Euskal Herrian astrofisikaren eremuan egiten den muga- ikerketaren berri izateko ere.

Irisgarritasuna da erakusketaren helburu nagusietako bat: ahalik eta oztopo gehienak ezabatzea, desgaitasunen bat duten pertsonek parte har dezaten; bereziki, desgaitasun bisuala, entzumenezkoa, kognitiboa edo mugikortasunari dagokiona dutenek. Helburu hori lortzeko, elementu hauek jarri dira: gidari pododaktilak zoruan; ukipenezko informazio-panelak, letra-tamaina irisgarridunak; ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat berariaz diseinatutako audiogidetarako QR kodeak; zeinu-gidak dituzten ikus-entzunezkoak, azpitituludunak eta begizta magnetikoa dutenak. Gainera, erakusketa-espazioan ez dago oztopo fisikorik.

Erakusketa urriaren 4an inauguratuko da, eta herritar guztientzako jarduera-osagarri erakargarriak izango ditu. Inklusioari dagokionez, DIPCk eta Kutxa Fundazioak antolatutako hitzaldi eta mahai-inguruen ziklo bat izango da, zeinaren helburua baita normalean zientziaren dibulgaziorako sarbidea mugatua izaten duten pertsonen parte- hartzea bultzatzea.

Zikloa urriaren 5ean (osteguna) hasiko da, 11:00etan, Inés Rodríguez Hidalgo astrofisikako doktore eta Valladolideko Museoko zuzendariak “’O Sole mio. Musika-gonbidapen bat zure bizitzako izarra ezagutzeko” hitzaldiarekin. Hitzaldi hori publiko guztiei zuzendua da, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat egokituta dago. Urriaren 18an, asteazkena, Amelia Ortiz Gilek (Valentziako Behatoki Astronomikoa) “Unibertsoa zentzumenen bidez esploratzea” hitzaldia emango du 19:00etan. Kosmosa entzumenaren, ukimenaren, usaimenaren eta dastamenaren bidez ezagutzeko modu berri batzuk aurkeztuko dizkigu.

“Amaraun kosmikotik partikula mamura: gure unibertsoari buruzko gogoeta artearen eta zientziaren ikuspuntuetatik” mahai-inguruarekin amaituko da zikloa. Mahai-inguru horretan, DIPCko Raúl Angulo eta Juan José Gómez Cadenas ikertzaileak eta Patricia Cancelo artista izango dira; NEXT proiektuan (Canfranceko Lurpeko Laborategian ari dira egiten) inspiratutako instalazio artistiko baten egilea da Patricia Cancelo, eta instalazio hori ikus daiteke erakusketan.

Medialab Tabakalerako astronomia hiritarreko talde irekiak bideratuko ditu goizak: asteartetik ostiralera bisita gidatuak egingo ditu ikastetxe eta kolektiboentzat, eta larunbatetan familientzako lantegiak gidatuko ditu urrian, 11:00etan. Tabakaleraren webgunean eman daiteke izena jarduera horietan parte hartzeko.

Bestalde, DIPCko kosmologia taldeko eta astrofisikako ikertzaileak erakusketan izango dira astearte eta ostegunetan (urriaren 10etik 26ra), 18:30etik aurrera, bisitarien galderei erantzuteko eta jakinmina asetzeko.

P4k.dipc.org/strom estekan dago ikusgai STROM - Astronomia inklusiboa erakusketako jarduera osagarrien egitarau osoa.

Astronomia desgaitasunen bat duten pertsonengana (bereziki, ikusmen-desgaitasuna dutenengana) hurbiltzeko urteetan lan egin duten erakunde eta pertsonen laguntzari esker antolatu ahal izan da STROM - Astronomia inklusiboa erakusketa. Kolaborazio horien artean, hauek nabarmenduko ditugu: planeten sorrerari buruzko ukipen- maketa, Núcleo Milenio de Formación Planetariak (NPF) garatua, Medellineko Planetarioak eta Giant Magellan Telescopek (GMTO) garatutako eguzki-sistemako ukipen-ereduak, Diego Portales Unibertsitateko (UDP) Ikerketa Astrofisikoen Institutuak egindako Eguzkiko soinuak eta AstroBVI proiektuko 3Dko galaxiak (Andaluziako Juntako Unibertsitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sailak eta Nazioarteko Astronomia Elkarteak finantzatu dute proiektua). Morgancrea enpresak diseinatu eta ekoitzi du erakusketa, eta Valentina Rodríguez DIPCko komunikazio- eta dibulgazio-arduraduna eta Silvia Bonoli DIPCko Ikerbasque astronomo eta doktorea izan dira komisarioak.

Erakusketari izaera ibiltaria eman zaio, estatuan eta nazioartean zabaltzeko. Valladolideko Museoak jada adierazi du erakusketa bere areto nagusian izango duela 2025eko uztailean.