Entry Title

Ikastetxeentzako izen emateen irekiera

Passion for Knowledge jaialdiko ekitaldi ospetsuenetako bat ikasleen eta Nobel saridunen arteko topaketa jendetsuak dira; top@DIPC – Zientziarekin solasean! izeneko ekitaldi hauek Euskadiko ikastetxe guztiei zuzenduak daude. Topaketa hauen helburu nagusia gazteengan —bereziki, neskengan— zientzia ezagutzeko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea da.

Topaketak urriaren 6an egingo dira Donostia/San Sebastian, Victoria Eugenia Antzokian, eta urriaren 3an Bilboko Bizkaia Aretoan (UPV/EHU). Topaketetako saio bakoitzean, nazioartean ospe handia duten ikertzaileak izango dira, Passion for Knowledge 2023ra gonbidatutako zientzialarien artean aukeratuak, eta Pedro Miguel Etxenikek egingo ditu saioetako moderatzaile-lanak.

Donostian/San Sebastian, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleak honako ikertzaile hauekin bilduko dira: María Vallet Regí, Jaime I.a Erregea saria irabazi zuen 2018an, hezurrak birsortzeko eremuan eta botikak modu kontrolatuan askatzeko sistemetan egindako ekarpen aitzindariengatik, Jack Szostak, Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 2009an, telomero izenez ezagutzen diren DNA-kate errepikakor batzuek, telomerasa entzimarekin batera, gure kromosomak babesten dituztela deskubritzeagatik eta Jean-Marie Lehnek Kimikako Nobel 1987. urtean, “molekulen ezagutzaren” oinarri kimikoaren gaineko lanarengatik, horrek ere funtsezko eginkizuna baitu prozesu biologikoetan.

Jaialdira gonbidatutako zientzialari-talde apartaren aurrerapen txiki bat besterik ez da hau.

Bilbon, berriz, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak beste ikertzaile hauekin elkartuko dira: Donna Strickland, Fisikako Nobel sariduna 2018an, aitzindaria laserren arloan eta erreferentzia nabarmena emakume zientzialarien artean, historian Fisikako Nobel saria lortu duten lau emakumeetako bat baita, George Smoot fisikari estatubatuarra, 2006an JFisikako Nobel saria jaso zuena, gorputz beltzaren forma eta mikrouhinen hondoko erradiazio kosmikoaren anisotropia aurkitzeagatik.

Giro lasai eta hurbilean, ikasleek aukera izango dute zientzialari handi horiekin guztiekin hitz egiteko eta beren zalantzak eta galderak haiei zuzenean galdetzeko. Izena emateko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik Euskadiko ikastetxe guztientzat, jaialdiaren webgunean: p4k.dipc.org

Ekitaldiari buruzko informazio guztia eta parte hartzeko baldintzak webguneko topaketen atalean daude eskuragarri.