

Atseginez jakinarazten dugu Passion for Knowledge-ren edizio berri honetan ikasleekin topaketa jendetsuak itzuliko direla.
Passion for Knowledge jaialdiaren jarduera garrantzitsuenetako bat top@DIPC – Zientziarekin solasean! Topaketak dira; haietan, Nobel saridunak eta lehen mailako zientzialariak Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ehunka ikaslerekin elkartzen dira. Ibilbide luzeko jarduera da, eta hezkuntza-komunitateak oso harrera ona egiten dio.
Topaketen helburu nagusia da gazteengan zientzia ezagutzeko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea. top@DIPC – Zientziarekin solasean! XIII. topaketa Donostian/San Sebastian (Victoria Eugenia Antzokia) eta Bilbon (Bizkaia Aretoa – UPV/EHU) izango da, jaialdiaren astean. Giro lasaian eta hurbilean, ikasleek aukera izango dute zientzialari handi batzuekin hitz egiteko eta beren zalantzak eta galderak haiei zuzenean azaltzeko.
Topaketetako saio bakoitzean, nazioartean ospe handia duten bi edo hiru ikertzaile izango dira, Passion for Knowledge 2023ra gonbidatutakoen artean aukeratuak, eta Pedro Miguel Etxenikek egingo ditu moderatzaile-lanak. Gonbidatutako zientzialariek zientziarako eta ikerketarako duten grinari buruz hitz egingo dute, eta ikasleen galderei erantzungo diete, beren ibilbide profesional luzeetan metatutako bizipenak eta esperientziak partekatuz.
Abian da atzerako kontaketa. Uztailaren erdialdean, topaketen berri emango da, gonbidatutako zientzialarien panela barne, eta izena emateko epea zabalduko da, Euskadiko ikastetxe guztietara zuzendua.
Jaialdiaren albiste guztiak jasotzeko, eman izena gure buletinean:
Newsletter