Service

DIPC

Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentro bat da, eta abangoardiako ikerketak egitea eta bideratzea du xede, fisikan eta antzeko diziplinetan; era berean, kultura zientifikoa gizarteari transmititzea ere badu helburu.

Donostian kokatuta, 2000. urtean ekin zion lanari DIPC zentroak, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko aliantza estrategiko baten ondorioz. Gaur egun, zentroko patronatuan erakunde hauek biltzen dira: alde batetik, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), eta, bestetik, Kutxa Fundazioa, CAF, Telefonica eta EDP.

2008an, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 'Basque Excellence Research Center (BERC)' izendatu zuen DIPC. 2019an, 'Severo Ochoa' Bikaintasun Zentro izendatu zuen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak.


Bikaintasuna ikerketan, Bikaintasuna komunikazioan

Gure ikerketa-lerroak etengabe ari dira garatzen, betiere ezagutzaren muga berrien bila. Egun, gure ikerketa-jarduera lau gai-arlotan egituratu daiteke: quantum, nano, bizitza eta kosmosa. DIPC zentroak, halaber, mundu osoko zientzialarien artean elkartrukeak eta sormena sustatzeko ekimen ugari ere antolatzen ditu.

Gainera, dibulgazio-programa zabalari esker, zientzia eta gizartea etengabeko elkarrizketan egotea ahalbidetzen da. Zientziaren zabalkundea ezin da ezagutzaren beste adar batzuetatik bereizi, eta DIPCk beste jarduera batzuekin eta jakintza-eremu batzuekin lotzeko zubiak eskaintzen ditu.

DIPC zentroak komunikazio zientifikoaren arloan egiten duen lanaren adierazgarri nagusia da Passion for Knowledge jaialdia.

http://dipc.ehu.eus/